Atxondoko Gazte Asanbladaren jatorriaz hitz egiteko 80. hamarkadan kokatu beharko genuke geure burua. Atxondon aspalditik izan da gazte mugimendua, 70. hamarkada bukaeran abadetxean batzen hasi ziren gazte kuadrillak gogoratzea besterik ez dago. Pelikula emanaldiak, liburutegi herrikoia edo euskararen aldeko lehen ekintza herrikoiak hasi ziren bertan. Udaletxearen konpromezu faltagatik abadetxeko proiektu hau bertan behera geratu zen.

1989an, kultura batzordeko dirulaguntza bati esker, Atxondoko I rock kontzertua gauzatu zuen Gazte Asanbladak: Zarama, Heriotza, SS77. Kontzertuaren arrakasta ikusirik (frontoia guztiz beteta) gaztetxearen aldeko dinamikak kaleratzen hasi ziren: sinadura bilketak, hitzaldiak, tailerrak, umeen jolasak..
1991. urtetik aurrera Gazte Asanbladak dinamika iraunkor eta indartsua eraman zuen aurrera herrian. Jaietako Gazte Eguna ezezik, gabonetako ekintzak, jai batzorde alternatiboak eta boikot dinamikak ere burutu ziren.

KGBren (Kordinadora de Gaztetxes de Bizkaia) baitan zegoenez, hamaika elkartasun ekintza egin zituen Gazte Asanbladak, gaztetxeei laguntza emanez zein arazo sozialak salatuz: intsumisioa, AHT, alkateen jarreren salaketa...
1995-1996 kurtsoan Gaztetxe Egun potente bat antolatu zen. Herri bazkariaren ondoren, Gazte Asanbladako kideek, etortzear zen okupazioa irudikatu zuten antzerki baten bitartez.
1996ko abenduan Elorrixoko gaztetxearekin elkarlanean, I gaztetxea okupatu zen, tren geltokiko biltegia, alegia. Garbitu, txukundu eta apaindu ondoren egunean bertan etorri zen desalojoa, zipaioekin batera. Manifestazio batzuen ondoren, Gazte Asanbladak gaztetxe sinboliko bihurtu zuen udaletxe azpiko arkupea. 3 gau arkupean pasa ondoren PNVk negoziazioa hasi zuen asanbladarekin. Eztabaida luze eta desadostasun askoren ondoren, maisu etxeko gela bat lortu zen, berriz. Garai honetan, Sokagiñek Emakume Taldea sortu zuten Gazte Asanbladako zenbait emakumek.
Gazte Asanblada inoizko krisi sakonenean sartu zen garai horretan (kideen pasibotasuna, haserreak..) eta denbora igaro ahala, desagertu egin zen.
1998an Bilbon Kukutza I gaztetxearen ingurura sorturiko izpirituari jarraiki, Durangaldean okupazio mugimendua era naturalean sendotu zen eta Abadiñoko okupazioa gauzatu zen. Okupazio hartan, Atxondoko Gazte Asanbladako kide izandako zenbait elkartu ziren. Berriz batu eta tren geltokiko okupazioa prestatzeari ekin zioten.
Hala, 1998ko abenduaren 4an, arratsaldeko zazpiak aldera hainbat iratxo eskailera baten atzetik joan ziren, egun gure gaztetxea dena okupatzera. Ateari bultzada bat emanez, laister berpiztu zuten hutsik zegoena.

Egoera hartan zela, gaztetxeko biltegian sute bat izan zen, eraikinaren eskumako aldean kalte izugarriak eragin zituena. Auzolanaren bitartez teilatua konpondu eta handik hilabetera beste ezbehar bat izan zen. Bigarren solairuan musika lokala eraikitzen ari zirela, gelak sua hartu eta goiko solairua osorik erre zen. Gaztetxe osoa kaltetu zuen suteak. Udaletxearekin harremana kaskartzen hasi zen, eta salaketek aurrera egin zuten. Gaztetxeko adin txikiko12 gazte Durangoko epaitegira joan behar izan zuten deklaratzera.
Elkartasun kanpaina baten bitartez, Elorrixoko Gaztetxearen laguntza ekonomikoarekin Gaztetxeak aurrera egin zuen.
Urteak joan ahala, udaletxearekin harremana hobetuz joan zen. PNVk proiektu bat osatu zuen gaztetxerako. Udalak kudeaturiko Gazte Leku antzeko bat proposatu zuten, obra ordaintzearen truke. Gazte Asanbladak proposamenari uko egin eta bere bidea egitea erabaki zuen. Udal aldaketarekin batera, 2008an gaztetxea berriztu zen udalaren laguntza ekonomikoarekin.
Hamaika belaunaldi ikusi ditu dagoeneko tren geltoki zaharrak. Gazte Asanbladak, garai indartsuago eta ahulagoetatik pasatu arren, aurrera egin du urte luze hauetan zehar, gaur arte.